Aulki Mugikorreko II. Norgehiagokan lehiatuko dira Orioko 34 ontzi

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 16a, 14:58

Orioko neskak Legution, aulki mugikorreko norgehiagoka batean. (J.J.Portos)

Legution (Araba) jokatuko dituzte estropadak bihar, larunbata, 09:00etan hasita. Igandean, berriz, Euskadiko Trainerilla Txapelketa jokatuko da, Ondarroan (Bizkaia).

Euskadiko Arraun Federazioak Aulki Mugikorreko II. Norgehiagoka antolatu du, eta bihar izango da lehiaketa Legution (Araba), 09:00etan hasita. Hamar arraun klubetako arraunlariak lehiatuko dira –guztira 92 ontzi lehiatuko dira aulki mugikorreko hainbat modalitatetan– tartean Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) 34 ontzi, klubak jakitera eman duenez.

Estropaden ezaugarriei dagokienez, jubenilek, seniorrek eta absolutuek 2.000 metroko distantzia egingo dute, kadeteek 1.500 metrokoa, eta infantilek eta beteranoek, berriz, 1.000 metrokoa.

Euskadiko Trainerilla Txapelketa

Igandean, berriz, trainerillen txanda izango da. Euskadiko Txapelketa izango dute jokoan Ondarroan (Bizkaia), eta han ere izango du ordezkaririk OAEk: gizonezko seniorrek jokatuko dute estropada. Hiru aurkari izango dituzte, hirurak bizkaitarrak: Bermeo, Zierbena eta Ondarroa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide