Orioko Arkupe Elkarteak, Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak eta Gertu Zumaiako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak lehen aldiz indarrak batu dituzte, eta kanpaina bateratu bat antolatu dute datorren asterako. Herritarrar tokiko merkataritzan kontsumitzera bultzatzearekin batera, haien bezeroak saritzea izango du xede kanpaina berriak, egunero herriko saltokietan jartzen duten konfiantza eskertzeko.
Hori horrela, Merkataritzaren Urrezko Astea egitasmoa egingo dute maiatzaren 19tik 25era, aldi berean, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako denda guztietan. Kanpainaren nondik norakoak azaltzeko, aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean, Zarauzko Merkataritza Bulego Teknikoan, Zumaiako Gertu elkarteko teknikari Lore Garciarenak, Zarauzko Murkileko bartzordekide eta Jesusa fruta dendako Gorka Ameztoik eta Zarauzko Vulcano dendako Javier Prolek.
Beraz, datorren astean, herriko elkarteetara atxikita dauden dendetan erosketa bat egiten duen bezero orok txartel bat jasoko du, eta hura hazkatuta, 5 edo 50 euroko deskontuak lor ahal izango ditu. Deskontu sariak irabazi diren herrian bertan erabili beharko dira; horretarako azken epea ekainaren 30a izango. Kanpaina amaieran, gainera, zozketa berezia egingo dute saritu gabeko txartelekin.
Sari berezi hori ondorengoa izango da: hoteleko gau bat gosariarekin, afari bat eta aisialdiko jarduera bat bi lagunentzat; sari hori Orion, Zarautzen edo Zumaian egiteko aukera izango du bere osotasunean, jada zehaztuta dauden establezimenduetan.
Elkarlanerako gogoa
"Batasunak indartu" egingo dituela sinesten dute hiru elkarteek, eta horregatik erabaki dute bide hau elkarrekin egitea. Kanpaina hau abiapuntua dute, eta behin hori bukatutakoan atera nahi dituzte balorazioak, baina hasiera batean elkarlanean jarraitzeko gogoa erakutsi dute. Halaber, oraindik batu ez diren negozioak animatu nahi dituzte haien elkarteetara atxikitzera, egiten dituzten jardueren eta ekintzen berri izan dezaten eta horietan parte hartzeko.
Arkupe, Murkil eta Gertuko kideek azpimarratu dute hurbileko merkataritza "ezinbestekoa" udalerrientzat. Haien esanetan, "topikoa" badirudi ere, "milaka lanpostu sortu eta zergak hemen ordaintzeaz gain, merkataritzak gure herriei bizitza ematen diegu". Beraz, Merkataritzaren Urrezko Astea bezalako egitasmoekin herritarrak tokiko saltokietara "hurbiltzen jarraitzera" animatu nahi dituzte, gertukoen aholkularitza pertsonalizatuarekin eta konfiantzazko arretarekin topatuko direlako.