Bikaintasunezko lehiaketara bideratutako diru laguntzak edo bekak eman ohi ditu Basque Team fundazioak. Fundazioko patronatua bilduta, beka horietara bideratutako diru kopurua 991.500 eurokoa izango dela iragarri du. Laguntza jasoko duten lagunen zerrenda ere plazaratu du fundazioak. 80 kirolarik (40 emakume eta 40 gizon), hemeretzi entrenatzailek (hamasei gizon eta hiru emakume) eta hiru epailek (emakume bat eta bi gizon) jasoko dituzte aurrerantzean beka horiek.
Orioko Bate Bizkorrak sofboleko taldean aritzen den Sara Loidi herritarra aukeratu du fundazioak laguntza horren onuradun izateko. Berekin klubean aritzen den Esti Alvarez zarauztarrak ere jasoko du beka.
Eskualdeko beste lau kirolari ere aukeratu ditu fundazioak laguntzen onuradun izateko: Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra, Nadia Erostarbe eta Keoni Lasa surflari zarauztarrak, eta Janire Gonzalez-Etxabarri surflari zumaiarra.
Baldintza zorrotzak
Laguntza hauen onuradun izateko, baldintza zorrotzak jartzen ditu Basque Team fundazioak. Aurreko denboraldian lortutako emaitzak baloratzeko irizpide zorrotzak bete behar dira, bai markei dagokienez, bai parte-hartzeari dagokionez, maila absolutuan, nazioarteko txapelketa eta lehiaketetan: Europako txapelketak, Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak.
Bekadunek, laguntza ekonomikoez gain, laguntza biomedikoak, laguntza teknikoak, fisioterapia eta berregokitze zerbitzuak, kirol psikologiako zerbitzua, irudi eta komunikazioko zerbitzua eta arlo akademikoko eta lan-munduan sartzeko aholkularitza jasoko dituzte.