Ezinezkoaren alde, hutsunea egungo bizimoduan saiakera liburua aurkeztu zuen Iñigo Martinez idazle gasteizarrak martxoan Getarian. Gaur arratsaldean liburuari buruzko solasaldia eskainiko du Salatxo aretoan, 18:00etatik aurrera. Ez da sarrerarik beharko hitzaldian izateko, eta interesa duten herritar guztiak daude gonbidatuta.
Getarian egindako sormen egonaldietatik plazaratutako aurreneko lana da Martinezena. Saiaz hotelean egin zuen egonaldia iaz, eta ordurako aurreratuta zeuzkan liburuaren lanak; "amaieraren hasierarekin" aritu zela zehaztu zuen.
Liburua hainbat kapitulutan dago banatuta, eta ezinezkoaren gaia jorratu du arauak, bizitza, terapia, jakituria, intimitatea, jabetza, komunitatea eta maitasuna bezalako arloei lotuta. Kapitulu bakoitzaren hasieran aipuak datoz, eta Alberdik nabarmendu zuen askotariko egileak hautatu dituela Martinezek aipu horietan: Sokrates, Stalin eta Pitagoras daude, nahiz Joxe Miel Barandiaran, baina baita Mafalda edo Rolling Stones ere.