Asteburu bikaina Orioko Bate Bizkorrentzat

Julene Sorarrain 2025ko mai. 14a, 11:13

OBB taldeko batealari bat. (OBB)

Jokalariak Burlatan (Nafarroa) izan dira Urrezko Ohorezko Mailako Softbol Liga Nazionaleko zortzigarren jardunaldia jokatzen, CD Argaren aurka. Lehia estua izan arren, oriotarrek garaipena eskuratu zuten nafarren aurka. Datorren partida maiatzaren 18an, igandearekin, jokatuko dute etxean, Cambreren aurka.

Asteburu ona izan da Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldearentzat. Jokalariak Burlatan (Nafarroa) izan dira Urrezko Ohorezko Mailako Softbol Liga Nazionaleko zortzigarren jardunaldia jokatzen, CD Argaren aurka.

Lehen partidan, OBBk markagailua bere alde jarri zuen lehen sarreratik, guztira hiru lasterketa lortuta. Bigarren sarreran, OBBk abantaila handitu zuen, hiru lasterketa gehiago lortuz. "Gainerako partida lasai joan zen, talde bakar baten interakziorik gabe, bosgarren sarreran oriotarrek beste lau lasterketa irabaztea lortu zuten arte", azaldu dute taldekideek. Horrela, partida 10-0 emaitzarekin bukatu zen.

Bigarren partida, ordea, "ezberdina" izan zela gehitu dute. "Markagailua bigarren sarreran estreinatu zuen OBBk, lasterketa bat saskiratuz. Hala ere, nafarrek erantzun egin zuten, bi lasterketa lortuz eta oriotarren gainetik jarriz sarrera berean. Hirugarren sarreran, nahiz eta markagailua berdintzea lortu, CD Argak erantzun zuen, sarrera berean beste lasterketa bat lortuz eta hurrengoan beste bi gehituz". Bosgarren sarreran, OBBrentzat dena galduta zegoela zirudienean, oriotarrek euren bateak atera zituzten eta guztira lau lasterketa egin zituzten, markagailua euren alde jarriz. Seigarren sarreran, OBBk egurra eman zion partidari hiru lasterketa gehiago saskiratuta, eta zazpigarren sarreran azken lasterketa batekin amaitu zuen, alde handiz garaipena lortuz.

Amaitzeko, taldeak azpimarratu nahi izan du Enora Simonen "jaurtiketa bikaina", ez baitzuen lasterketa bat ere utzi lehen partidan. Gainera, jokalari frantziarra erabakigarria izan zen, Estibaliz Álvarezekin batera, taldearen erasoko alderdian. Datorren partida maiatzaren 18an, igandearekin, jokatuko dute etxean, Cambreren aurka.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide