Azken egunetan Orion egin dituzten hainbat ekitaldi aprobetxatu dituzte Euskaraldiko txapak banatzeko herritarrei. Oraindik berea jaso ez duenak, ordea, Kultur Etxean ditu eskuragarri, harreran –Kultur Etxeko ordutegia 10:00-13:00 eta 16:00-19:30 da–.
Izan ere, ostegun honetan hasiko da aurtengo Euskaraldia. 11 egunez, ahobizi edo belarriprest roletan ariko dira parte hartzen duten herritarrak; euskaraz hitz eginez, nahiz euskara entzunez, alegia. Txapan H pegatina daramatenekin, gainera, hika aritu ahalko dute herritarrek.
Euskaraldian parte hartzen dutenentzat honako ariketa proposatzen da:
- Ezagutzen ez dituzun pertsonei lehen hitza euskaraz egitea, eta ulertzen badu, euskaraz hitz egiten jarraitzea.
- Euskaraz ulertzen dutenei beti euskaraz egitea, elebiko elkarrizketak mantentzeko ohitura hartuz.
- Euskaraz mintzatzeko zailtasunak edukiz gero, esan inguruko guztiei zuri euskaraz egiteko, eta saiatu pixkanaka euskara gehiago erabiltzen.