Orioko arraunlariek zazpi domina eskuratu dituzte Udaberriko Kopan

Julene Sorarrain 2025ko mai. 12a, 09:14

Orio Arraunketa Elkarteko kadeteak eta infantilak Ourensen (Galizia) jokatutako Udaberriko Kopan. (utzitakoa)

Asteburuan jokatu dute txapelketa Ourensen (Galizia) Orio Arraunketa Elkarteko kadeteek eta infantilek. Guztira zazpi domina eraman dituzte etxera, eta hirugarren postua lortu dute sailkapen orokorrean.

Asteburu bikaina izan da Orio Arraunketa Elkarteko arraunlarientzat. Larunbatean hasi eta igandera arte, Udaberriko Kopan lehiatu dira klubeko infantilak eta kadeteak Castrelo do Miñon (Galizia), eta zazpi domina eskuratu dituzte bertan. 

Guztira 24 ontzi uretaratu zituen klubak, eta askotariko emaitzak lortu zituzten arraunlari gazteek: 14 ontzik final handira sailkatzea lortu zuten, eta bertan bi urre, zilarrezko bat eta lau brontze irabazi zituzten. Beste hiru ontzik laugarren egin zuten, batek bosgarren, eta beste hiruk, aldiz, seigarren.

Bestalde, hiru ontzik "B" mailako finalera sailkatzea lortu zuten, eta postu hauek eskuratu zituzten: ontzi bat zazpigarren, eta beste bi, berriz, hamaikagarren. Azkenik, sei ontzi "C" mailako finalean lehiatu ziren, eta beraien postuak hauexek izan ziren: ontzi bat hamairugarren, beste bat hamalaugarren, hiru ontzi hamabosgarren, eta azken bat, hamaseigarren. Ontzi bat soilik geratu zen finaletara iritsi gabe.

Estatu guztiko 29 elkartek hartu zuten parte txapelketan, eta horietatik 19k eskuratu zituzten dominak. Orioko klubak, zazpi domina eskuratu ostean, hirugarren postuan geratu da sailkapen orokorrean.

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari gazteak Udaberriko Kopako garaikurrak jasotzen. (utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide