Gaurkoan eguraldi hobea izan dute lagun oriotarrek, eta goizean goizetik hasita, aurtengo artisau eta sortzaileen azokaz gozatzen ari dira Herriko Plazan. Herritarrak gustura atera dira kalera bertako sortzaileen produktuak erostera eta janari goxoa dastatzera.
Aurtengoan 30 postu etorri dira azokara, eta gehienak sortzaile gipuzkoarrenak dira, 20 zehazki. Bizkaitik bost artisau etorri dira, Nafarroatik lau, eta Arabatik bat. Iaz bezala, gipuzkoarren artean ez da falta izan oriotarrik: Ostargi elkarteak jantziak eta osagarriak jarri ditu, baita Goiuri Unanuek eta Aiora Arrozpidek ere; liburuxka txikiak saldu ditu Jesica Bordonik; zeramika piezak Isabel Mateos da Silvak; Antxon Mendizabal ere izango da bere egur-tailekin; eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek, azkenik, estanpatuak eta grabatuak eskaini dituzte.
Eskuz egindako produktuez gain, janari postuak ere badaude azokan ogia, gozokiak, taloak edota gazta mota ezberdinak erosteko. Hori horrela, azoka 14:00 arte bisitatu ahal izango da, eta 14:00etatik 15:00etara herritik irten ahal izateko, ibilgailuek Txanka bidea erabili beharko dute, plaza ondoko bidea itxita egongo delako noranzko horretan.