Aurki abiatuko da Haurren Sanpedroetako 53. Pilota Txapelketa: maiatzaren 24an, larunbatarekin. Ohi bezala, finalak herriko jaietan izango dira, ekainaren 29an. Ordua ere zehaztu dute: 17:00etan hasiko dira azken partida horiek.
Gainerako partidak larunbatetan jokatuko dituzte, 15:00etan hasita.
Txapelketan izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 18ra arte, eta horretarako nahikoa da nor bere ikastetxeko kirol arduradunarekin harremanetan jartzea.
Txapelketaren xehetasunak
Ospele pilota elkarteak antolatzen du lehiaketa, eta parte hartzeari buruzko zehaztapenak eman ditu. Txapelketako arauak hemen daude eskuragarri.
Batetik, Aian nahiz Orion erroldatuta dauden LH3 eta LH6 arteko haur guztiek parte har dezakete txapelketan, baita bi herri horietako ikastetxeren batean ikasten ari direnek ere.
Eskuzko zein paletako jokamoldetako txapelketak izango dira. Beharrezko materiala pilota klubak ipiniko du. Hemen izena eman daitezkeen txapelketak bi kategoriatan
LH3 eta LH4 mailetan (2015 eta 2016 urteetakoak), honako kategorietan ariko dira: benjamin mutilak eta mistoa eskuz; benjamin neskak eskuz; eta benjamin neskak paletaz. LH5 eta LH6 mailetan (2013 eta 2014 urteetakoak), berriz, hauetan: benjamin mutilak eta mistoa eskuz; benjamin neskak eskuz; eta benjamin neskak paletaz.
Txapelketan sariak ere banatuko dituzte: azpitxapeldun bikoteak garaikurra jasoko du eta txapeldun bikoteak garaikurra eta txapel bana jasoko dute. Horrez gain, finalistek, finalaren ondoren afaria izango dute. Azkenik, final guztiak kontuan hartuta onena izan den pilotariak Xapa garaikurra jasoko du.