Urtero bezala, aurten ere Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko boluntarioek mahaia jarriko dute Herriko Plazan, loteria saldu eta, diru horrekin, eskualdeko gaixo eta senideei laguntzen jarraitzeko. 11:00etatik 13:30era egongo dira plazan.
Zozketa ekainaren 7an izango da, eta guztira 105 milioi euro banatuko dituzte saritan.
Egoitzak Zarautzen eta Azpeitian
Elkarteak Zarautzen dauka egoitzetako bat –Azpeitian ere badu–, eta gogorarazi du doako arreta eta zerbitzua ematen diela minbizia duten pazienteei nahiz haien senitartekoei. Gainera, ez da beharrezkoa elkarteko bazkide izatea.
Zarauzko egoitzak hamahiru urte daramatza zabalik, eta iaz, Orioko hamahiru herritar eta Aiako lau herritar artatu zituen. Urola Kosta osorik kontuan hartuta, berriz, 121 laguni eman zien zerbitzua 2024. urtean.