Orioko Bate Bizkorrak (OBB) taldeak pasa den ostegunean jokatu zuen Ohorezko Mailako Sofbol Liga Nazionalaren lehen jardunaldia Madrilen Rivas taldearen aurka. "Oso jardunaldi interesgarria" izan zela azaldu dute taldekideek, Rivasek 10-0 eta 3-2 emaitzekin bi garaipenak lortu bazituen ere, OBB taldeak "oso partida lehiatuak" jokatu zituen egungo ligako txapeldunaren aurka.
Lehen partida madrildarren aldeko 1-0 emaitzarekin hasi zuten: Rivaseko Anyibell Ramirez pitcherrean zela, OBBko Aroa Faro batealariak bola 1, 0 strikes eta 2 out-eko emaitza lortu zuen, bigarren sarrera irekiz. Hirugarren sarreran, ordea, Rivasek 8 lasterketa saskiratu zituen eta partida bukatutzat eman zuten laugarren sarreran.
Bigarren partida ez zen lehenengoaren berdina izan, eta "bihotzekoak jota" amaitu zuten oriotarrek Rivasen aldeko zazpigarren sarreran, 3-2 emaitzarekin amaituz. OBBko Enora Simon jaurtilariak hasi zuen partida "oso liskartsua" izan omen zen, eta lehia osoan zehar Rivaseko bateatzaileak mantentzea lortu zuen. "Lehenengo sarreran Maialen Pisonek hit bikoitza egin zuen bigarren oinarrian kokatzen zuen left-centerraren inguruan, eta Sara Loidik partidako lehen lasterketa bultzatzen zuen left field-a joz". Laugarren sarrerara arte talde oriotarra nagusi mantendu zen, Jocelin Diazek Yaicey Sojo bultzatu zuen arte, eta Rivasen taldeak 1-1 emaitzarekin berdindu zuen partida.
OBBk borrokan jarraitu zuen partidaren amaierara arte, jaurtitzaileak estrategikoki aldatuz bateatzaileen artean, eta Rivasi azken sarrerara arte eutsiz. "1-2 markagailuarekin, zazpigarren sarreran kokatu ginen. Partida, ordea, tenkatu egin zen, eta hainbat saiakera egin ondoren, baseak beteta geratu ziren". Maialen Pisonek harrapatu ezin izan zuen bola baten ondorioz, Anyibell Ramirezek lasterketa bat saskiratu zuen partida berdinduz, eta jarraian, jokaldi berean egindako jaurtiketa akats baten ondorioz, Alejandrina Alcantarak etxeko taldeari garaipena ematen zion lasterketa saskiratzea lortu zuen, partida 3-2 emaitzarekin amaituz.
OBB taldearentzat "zorigaiztoko amaiera" izan bazen ere, "Rivas bezalako taldeei irabazteko maila duela erakutsi zuen". Datorren igandean izango dute hurrengo hitzordua Arga taldearen aurka, Burlatan (Nafarroa).