Asteburu borobila Orio Arraunketa Elkartearentzat

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 5a, 10:54

OAEko arraunlariak atzo Getarian, Antxoa Eguna Banderarekin. (Utzitakoa)

Gipuzkoako Trainerilla Ligako eta Kopako estropada guztiak irabazi dituzte Orioko gizonezkoek: larunbatean Hondarribian lehiatu ziren, eta igandean, berriz, Getarian eta Zumaian.

Trainerilletan jo eta su aritu dira asteburuan Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen hiru ontziak, eta emaitza bikainak lortu dituzte hirurek. Larunbatean Hondarribian eta igandean Getarian jokatu zituzten Gipuzkoako Ligako eta Federazio Kopako estropadak, eta oriotarrak izan ziren garaile batean zein bestean. Baita Zumaiako San Telmo estropadan ere. 

Hondarribiko jardunaldiari dagokionez, Kopan Orio B nagusitasunez gailendu zen 14:05;02 denbora eginda, hogei segundoko aldea atera baitzion San Juan B taldeari, eta hogeita laukoa, Donostiarra B ontziari. Orio C ontzia ere lehiatu zen, eta lan bikaina eginda, hamar ontzietatik laugarren helmugaratu zen.

Kopan bezala, Ligan ere Oriok irabazi zuen estropada eta San Juan izan zen bigarren, eta han ere ia hogei segundo kendu zizkion Oriok, 13:48;65 denbora eginda.

Antxoa Eguna Bandera eta San Telmo saria, Oriora

Beste horrenbeste gertatu zen igandean Getarian, han ere Orioko ontziek irabazi baitzituzten bi estropadak. Kopan Orio Bren (14:10;62) ondoren helmugaratu zen Donostiarra, hamabi segundora, eta hirugarren egin zuen Orio C taldeak. Ligako garaipena ere Oriorentzat izan zen (13:48;25), eta bezperan bezala, ia hogei segundo atera zizkion bigarren sailkatu zen Donostiarrari. San Juan izan zen hirugarren, eta etxeko taldea, Getaria, laugarren. Oriok eraman zuen, beraz, Antxoa Eguna Bandera.

Arratsaldean Zumaian izan zuten hitzordua, San Telmo saria egon baitzen jokoan eta han ere ez zuten hutsik egin oriotarrek: bandera Oriora ekarri zuten 09:55,24 denbora eginda. Lau segundora helmugaratu zen Donostiarra eta Getaria izan zen hirugarren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide