Badator aurtengo Paka Fest jaia

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 2a, 12:03

Altxalili kolektiboko kide batzuk emanaldi batean.

LGTBIQ+ mugimenduaren festa arratsaldean hasiko da Altxaliliko kideen eskutik, eta Manuela Ahizpek ere jarriko dute giroa. Kaletik Etxeluze gaztetxera joango dira ondoren. Afaria izango da han, eta eguna amaitzeko, Aiert, Ithaka eta Aiakate DJa igoko dira gaztetxeko oholtzara. 

Paka Fest jaiak badu data: maiatzaren 10ean, larunbatarekin, ospatuko dute LGTBIQ+ mugimenduaren aldeko festa aurten.

Arratsalde partean hasiko da egitaraua, 18:00etan, eta aurrena Altxalili kolektiboaren emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da. "Baserri gunean sortu edota bizi diren queer pertsonek osatzen dute. Drag performantziatik, genero identitatea, sexualitatea, harremantzea, botere harremana eta beste gai asko jorratzen dituen kabaretea da Altxalili Show". Etxeluze gaztetxean izango da hitzordua, eta bost euro kostako da sarrera.

Ondoren, poteo girotua egingo dute herrian zehar, Manuela Ahizpekin, eta handik gaztetxera itzuliko dira afaltzera. Bost euroan eskuratu ahalko dira bokatak.

Kontzertuekin amaituko dute festa eguna, eta tartean ez da etxeko talderik faltako, Ithakak emango baitu kontzertuetako bat. Bost euro balioko du sarrerak, eta momentuan bertan erosi beharko dira. Aiert, Ithaka eta Aiakate DJa igoko dira gaztetxeko oholtzara, 23:00etatik aurrera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide