Langile-guarda bat kontratatuko dute Orioko udal kanpinerako

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 30a, 17:40

Autokarabana bat Orioko udal kanpinean.

Orioko Udalak eginkizun askotarako kanpineko langile-guarda bat kontratatzeko deialdia kaleratu du, eta interesa dutenek astelehena, maiatzak 5, izango dute izena emateko azken eguna.

Orioko Udalak gaur jakinarazi duenez, eginkizun askotarako kanpineko langile-guarda bat kontratatuko du maiatzaren 9tik azaroaren 10era arte lanaldi osoz, txandaka lan egiteko, eta deialdia martxan da dagoeneko. Hautaketa prozesua Lanbideren bidez egingo du, eta hautagaiek astelehenera arte, maiatzaren 5era arte, izango dute aukera izena emateko.

Udalak zehaztu duenez, hautaketa prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta merezimenduak baloratzeko, Lanbidek bidalitako curriculumean agertzen diren datuak bakarrik hartuko dira kontuan. Ohartarazi du, gainera, udalean beste bide batzuetatik aurkeztutako dokumentazioa ez dela baliagarria izango eta, ondorioz, ez dela baloratuko.

Izena emateko betekizunen artean daude B gidabaimena izatea eta euskarazko 2. hizkuntza eskakizuna izatea. Izena lotura honetan eman daiteke, baita xehetasun guztiak irakurri ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide