2025eko ordenantza fiskaletan etxebizitza hutsen errekargua %50etik %100era igo du Orioko Udalak, eta beraz, hutsik dauden etxebizitzek doble ordainduko dute aurten Ondasun Higiezinen Zerga, bizitzeko erabiltzen diren etxebizitzekin alderatuz. Udalaren helburua da etxebitzitza huts horiek merkatura ateratzea, Orion etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoa nolabait arintzeko.
Iaz etxebizitza hutsen errekargua 198 etxebizitzari aplikatu zitzaiela esan du udalak, eta aurreikusi du aurtengo kopurua ere antzekoa izango dela.
Gutuna etxera
Udalak identifikatuta dauzkan etxebizitza hutsen jabeei gutun bana bidaliko die apirilaren bukaera baino lehen, zerga igoeraren zergatia azalduz. Gutun horretan gonbita egingo die hutsik daukaten etxebizitza errentan jar dezaten eta, hartara, "beren aletxoa gehitu dezaten Orioko etxebizitza arazoa arintzeko".
Gutunean, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Bizigune programari buruzko informazioa ere emango du udalak. Bizigune programaren helburua hutsik dauden etxebizitzak alokairu babestuaren bidez merkaturatzea da etxejabeari bermeak emanez. Hartara, erabilera soziala eman nahi zaie hutsik dauden etxebizitzei.
Helburua da beren baliabide ekonomikoekin merkatu librean sartu ezin duten pertsonei aukera ematea etxebizitza duin bat eskuratzeko arrazoizko prezioan.