Zarauzko Photomuseumek aurkeztu du 32. Argazki Bileraren egitaraua, eta horren barruan, Jorge Oteiza (1908-2003) artista oriotarrari buruzko erakusketa jarriko dute ikusgai Sanz Enea kultur etxean. Torre Luzean erakustokian, berriz, Martin del Bustoren Flysch argazki proiektua erakutsiko dute, eta azkenik, Photomuseumen bertan, Silvia Ayerraren Esne-hortza proiektua egongo da ikusgai, eta haren ondoren, Asuntzi Martinezen Munstroak proiektua.
Oteiza argazkiz argazki izeneko erakusketak gaur bertan zabalduko ditu ateak, eta ikusgai egongo da hamar egunez, apirilaren 25era arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Oteizak "aztarna ukaezina" utzi zuen arte garaikidean eskultore, saiakeragile, arkitekto, poeta, zinemagile eta antropologo modura egindako lan guztiei esker. Sanz Enean egongo den erakusketa sortzaile berezi honen bizitzaren eta obraren ibilbidearen "kontakizun bisuala" eskainiko du, eta testuinguru historiko eta kulturalak ere eskainiko ditu.