Podiumetik gertu ibili dira Makazaga eta Elortza Euskal Selekzioarekin

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 14a, 13:58

Makazaga eta Elortza, Ibizan, Euskal Selekzioaren elastikoekin. (Utzitakoa)

Espainiako Trail Running lasterketa jokatu zuten atzo Ibizan (Herrialde Katalanak) Orioko Atletismo Taldeko bi kideek, eta klubak zoriondu egin nahi izan ditu "egindako lan bikainagatik".

Hitzordu polita zuten atzokoan Ibai Makazaga eta Xabat Elortza Orioko Atletismo Taldeko kideek  Ibizan (Herrialde Katalanak), bertan jokatu baitzen Espainiako Trail Running lasterketa. 

Makazaga izan zen aurrena lehiatzen, 09:00etan.  28 kilometroko ibilbide gogorrari aurre egin behar izan zion, eta 33. postuan helmugaratu zen. Ondoren Elortzaren txanda izan zen: hark ere lasterketa gogorra egin behar izan zuen, 13 kilometrokoa, eta 13. sailkatu zen.

Euskal Selekzioarekin aritu ziren lehian, eta taldeka, laugarren postua lortu zuten biek, nork bere kategorian –maila absolutoan Makazagak eta 23 urtez azpikoetan Elortzak–. Dominetatik oso gertu ibili dira eta, horregatik, herriko atletismo taldeak zoriondu egin nahi izan ditu korrikalari oriotarrak, "egindako lan bikainagatik".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide