Euripean jokatu zituzten atzo arratsaldean Nazioarteko XX. Estropadak errioan. Etxeko taldea, Orio, ederki hasi zen gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan bere txandak irabaziz. Finalean, baina, gehiago izan ziren Bidasoa aldekoak: Santiagotarrak nagusitu zen emakumezkoetan, eta Hondarribia, gizonezkoetan.
OAEko honako arraunlariak lehiatu ziren atzo zortzikoan: Vicky Piñeiro (patroi), Ane Arruti, Nagore Iturralde, Udane Hoyos, Itxaso Azkonobieta, Edith Uranga, Onditz Lekunberri, Nagore Urdapilleta eta Amaia Arregi emakumezkoetan, eta gizonezkoetan, berriz, Oihan Manterola (patroi), Mikel Lizarralde, Oihan Gozategi, Martin Gonzalez, Beñat Egiazu, Leandro Salvaño, Martxel Aldai, Imanol Garmendia eta Jon Lizarralde.
Sari banaketa 20:00etan egin zuten Herriko Plazan. Xabier Manrique Orio Arraunketa Elkarteko kideak eta Ibon Huegun Zipri babeslearen ordezkariak jantzi zizkieten garaileen txapelak herritar eta zaleen txalo artean. Ondoren, aurtengo omenduak igo ziren oholtzara, duela 60 urte arraun kluba sortu zuten gizonak: Iñaki Agote, Juan Luis Amilibia, Patxi Sarasua eta Antonio Campos. Beste hainbat kide hilda daude, eta horien senitartekoek jaso zuten oroigarria: Benedikto Etxeberriaren, Alberto Agirreren, Justo Agirrebeñaren, Jose Antonio Lizasoren eta Jose Antonio Salsamendiren senitartekoek, hain zuzen. Haietako batek irrintzia ere bota zuen oroigarria altxatuz. Guztiek Apostolu arraunlaria izeneko eskultura jaso zuten, Iñaki Arrillaga artistak eginak.
Bigarren omenaldi bat ere izan zen. Aurreko astean zendu zen Peter Karres 82 urterekin Donostian, eta arraun klubak aitortza egin nahi izan zion, hark asko lagundu baitzuen klubean aulki mugikorra sustatzen. Orioko arraunlaria izan zen, baita prestatzailea ere. Haren senitartekoek jaso zuten, hunkituta, Arrillagaren eskultura.
Behin kirol saioa eta omenaldiak amaituta, musika nagusitu zen Herriko Plazan. Bide Batez erromeria taldeak giro ederra jarri zuen beteta zegoen plazan, eta gauerditik aurrera Bon DJak hartu zuen lekukoa. Jan-edanik ere ez zen falta izan, plazan bertan hanburgesak egin eta egin aritu baitziren Euskal Parrillakekoak.