Orioko Futbol Taldeko neska seniorrek partida garrantzitsua jokatuko dute gaur 17:00etan etxean, Mendibeltz futbol zelaian, Ohorezko Mailara igotzeko faseko azken hirugarren partida baita gaurkoa. Aurreneko itzulia lider amaitu zuten oriotarrek, eta bigarren itzuliko bigarren lehia jokatuko dute gaur Debagoiena taldearen kontra.
Joan den astean galdu egin zuten Ordiziaren kontrako partida haien etxean, eta gaurkoaren ondoren, soilik bi partida faltako dira igoera fasea amaitzeko: Martutene eta Intxaurdi izango dituzte arerioak, azken hori etxean.
Hamar futbol talde ari dira lehian, bost taldeko bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko txapeldunek lortuko dute gora igotzea, eta elkarren aurka finala ere jokatuko dute, txapeldun zein geratu erabakitzeko. Horrez gain, multzoan bigarren geratu direnek elkarren aurka joan-etorriko kanporaketa jokatu beharko dute, eta irabazleak hirugarren txartela lortuko du Emakumezkoen Ohorezko Mailan aritzeko datorren denboraldian.
Horregatik, taldeak zaleei eskatu die gerturatu daitezela gaur Mendibeltzera neskak animatzera.