Partida bat irabazita bueltatu da Kataluniatik OBB

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 9a, 12:28

Asteburuko jardunaldiko irudi bat. (OBB)

Seigarren jardunaldian 1-10 irabazi zuen aurreneko partida, eta 9-2 galdu, bigarrena. Etxean jokatuko ditu hurrengo norgehiagokak.

OBB Bate Bizkorrak sofbol taldeak Ohorezko Mailako Sofbol Liga Nazionalaren (LNSDH) seigarren jardunaldia jokatu zuen asteburuan Katalunia aldean, Sant Boi zelaian, eta talde oriotarrak azaldu du "kontraste handia" egon zela bi partiden artean: garaipen bana eskuratuta amaitu zuten jardunaldia etxeko eta kanpoko taldeek.

Lehen partidan bi taldeen defentsak sendo agertu ziren, hasierako bi sarreretan markagailua irekitzea eragotziz. Seigarren sarreran abantaila nabarmendu zen Orioko nesken alde, Kataluniako taldeak akats batzuk egin baitzituen defentsan eta oriotarrek ondo jokatu baitzuten. Azkenean, 1-10eko emaitzarekin amaitu zen partida, OBBren alde.

Bigarren partida bestelakoa izan zen. OBBk lehen sarrera bi lasterketekin ireki zuen, baina Sant Boik indartsu erreakzionatu zuen, eta zazpi lasterketa lortu zituen lehen sarreraren beheko zatian, partidari buelta emanez. Kataluniarrek abantaila handitu zuten lasterketa bat gehiago eginez hirugarren sarreran, eta beste bat bosgarrenean, partida 9- 2ko emaitzarekin amaituz.

Asteburuan etxean lehiatuko da OBB, Mendibeltzen, Madrilgo Dridmaren aurka.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide