Israelgo estatua burutzen ari den genozidio "jasanezina" salatu zuten atzo Euskal Herriko 130 herritan, tartean Orion, Gernika-Palestinak plataformak egindako deiari erantzunez. Lurra. Justizia. Bakea. Genozidioa stop lelo hartuta, 70 lagun inguru elkartu ziren 19:00etan Herriko Plazan.
Amaieran, arabieraz eta euskaraz testu bat irakurri zuten. Bertan, adierazi zuten ez dutela onartuko "Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik".
"Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko, nahikoa da esateko. Eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik, Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira".
Argi utzi zuten Palestinaren borroka "justizia unibertsalaren aldekoa", "genozidio ororen aurkakoa" eta "giza eskubideen eta herrien eskubideen aldekoa" dela. "Gutako bakoitzaren eta gure seme-alaben etorkizuneko munduaren borroka da", aldarrikatu zuten.
Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera eskatu zuten, eta ohartarazi ez diotela salatzeari utziko "Israelen bihotz gabeko gerra politikarekin" bat egiten duen ororen konplizitatea.