Orioko Udalak eta Guerara Orio elkarteak herritarrei eskatu diete diru ekarpena egin dezatela Tindufeko kanpalekuetan bizi diren sahararren alde. Izan ere, herriko familia bat kanpalekuetara joango da Aste Santuan, eta bidaia aprobetxatuko dute Tindufen bertan elikagaiak eta oinarrizko materiala erosi eta kanpalekuetara eramateko.
Horrekin batera, Guerara Orio elkarteak jakinarazi du familiarekin bidaliko dutela beraiek ere bildu duten materiala. Izan ere, Sahararen aldeko elkarte horrek urtero sinatzen du hitzarmena udalarekin, materiala eros dezan Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko. "Askotan, ordea, zaila izaten da bildutako materiala haraino helaraztea. Horregatik, aurten Guerera elkarteak familia horren bidaia baliatuko du materiala eta laguntza eramateko Tindufeko kanpalekura eta behar gehien duten familien artean banatzeko", azaldu dute.
Diru bilketa ere elkarteak kudeatuko du. Gaur hasi eta ostiralera arte egongo da ekarpena egitea Guerara Orio elkartearen kontuan –ES46 3035 0182 1518 2004 0041–.