Harribilen kalejirak eta eguraldi onak ekarri ditu gaur eguerdian dozenaka oriotar herriko plazan egin duten Euskaraldiko hamaikakoaren aurkezpenera. Orion, baina, talde hori ez dute hamaika pertsonek ordezkatuko, hamalauk baizik, kopuru berak osatzen dutelako herriak hain maiteak dituzten traineruak. Gizon zein emakume, gazte zein heldu, horiek aurkezteaz arduratu da gaur Joxe Mari Unanue Orioko Euskaraldiaren dinamizatzailea.
Zehazki, hurrengo hamalau pertsonak dira Orioko hamalaukoa osatuko dutenak: Ainhoa Etxenike (patroia), Ibon Arrizabalaga (euskaltzalea), Gillem Morales (euskaraz ulertzen duen erdalduna), Maria Isabel Etxeberria (adineko euskalduna), Jon Lukas (euskaltegiko ikaslea), Anais Da Silva (euskaltegiko ikaslea), Itziar Irastortza (udaleko langilea), Idoia Larrañaga (kirolaria), Ibai Azpiroz (kirolaria), Imma Gontan (ostalaria), Jon Alkain (dantzari eta diseinatzailea), Mewish Muhammad (etorkina), Alaitz Garcia (dantzaria) eta Malen Mancha (dendaria).
Aurkezpenak eginda, Ainhoa Etxenike kirolariak hitz batzuk ere eskaini dizkie bertan zeuden herritarrei. Senperekoa da bera, "ez frantsesa, ez bestaldekoa ere", eta 2023tik baita Orioko arraunlaria ere. Garbi utzi nahi izan du bera ere, hizkera "bestelakoa" izanda, Euskal Herrikoa dela. "Eguneroko bizian nire nortasuna borrokatu behar dut, baina araurik ez duen euskaraz eta Euskal Herriaz amesten dut nik", gehitu du. Helburu hori lortzeko, Euskaraldia bezalako ekimenak beharrezkotzat jo ditu Etxenikek.
Herritarrentzat Euskaraldian parte hartzeko mahaitxoa ere jarri dute plazan, eta bat baino gehiago izan dira bertara gerturatu diren oriotarrak. Zehazki, maiatzaren 15etik 25era egingo dute ekimena, eta herritarrek oraindik aukera dute bertan izena emateko. Gainera, ohiko Euskaraldiaz gain, aurten herritarrek Euskaraldia-Hikan ere parte hartu ahal izango dutela gogorarazi du Unanuek.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!