Autobusen geraleku batzuk ezeztatuko dituzte bihar, Itzuliko etapa dela eta

Juan Luis Romatet 2025ko api. 8a, 08:00

Lurraldebuseko autobusa Zumaiako Zubitxikian. (Juan Luis Romatet)

Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa Zarauztik abiatuko da, eta eskualdeko errepidetatik igaroko da. Tropelak eskualdean igarotzen duen denboran Lurraldebuseko autobusek ez dituzte geldialdirik egingo herri batzuetan. 

Eskualdeko errepidetatik igaroko da bihar, asteazkenez, Euskal Herriko Itzulia. Zarautz izango du abiapuntua, 13:27an, eta kostako errepidean barrena, Getariatik eta Zumaiatik pasako da, Oikiatik barrena Meaga igo eta Zarautzera itzultzeko. Handik Oriorako bidea hartuko du, Aiara heldu eta handik, lurraldean barrena, Beasainera heltzeko. Goierriko herrian amaituko da etapa hori.

Txirrindularien joan etorriak eragina izango du trafikoan, egunero une batzuetan errepidea trafikoari itxiko diotelako. Eragina izango du, baita ere, Lurraldebusen zerbitzua eskaintzen duen herri batzuetan. Enpresa publikoak iragarri duenez, asteazkenean, 13:00etatik 14:15era bitartean geraleku batzuk kenduko ditu: Patxita Etxezarreta Zumaian, Caminero, Getaria; Argi, Gurutze Gorria, San Pelaio eta Talaimendi Zarautzen; eta Orioko gaina, Orioko herrigunea eta Botalekukoa Orion.

Zerbitzu hauei eragingo die neurriak:

  • Zumaiatik ateratzen diren busak: 13:00 (UK10), 13:05 (UK09) eta 13:30 (UK11).
  • Donostiatik ateratzen diren busak: 12:15 (UK09), 13:00 (UK10) eta 13:15 (UK11).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide