Harribilek egun osoko jaia antolatu du 30. urteurrena herritarrekin ospatzeko

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 26a, 17:00

Harribil dantza taldekoak Gabonetako 'Herribil' dantza emanaldian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Datorren astean, apirilaren 5ean, ospatuko du herriko dantza taldeak bere egun handia. Kantu-jira, triki poteoa, herri bazkaria eta erromeria antolatu ditu. Bazkarirako txartelak Kutixi kafetegian daude salgai.

Harribil Orioko dantza taldeak 3o urte beteko ditu aurten, eta urteurrenaren aitzakian, egun osoko egitaraua prestatu dute dantza taldeko kideek datorren asteko larunbaterako, apirilaren 5erako. Helburua da ospakizuna herri osora zabaltzea eta herritar guztiekin gozatzea urtemugaz. Horregatik, jai giroko ekintzak prestatu dituzte.

Festa eguerdian hasiko da, 12:00etan, eta arratsaldera arte iraungo du, tartean herri bazkaria eta erromeria egongo direlarik. Honakoa da egitaraua:

  • 12:00-13:00. Kantu jira Orioko Herri Ikastolak antolatuta. Herriko Plazatik abiatuta, herrian zehar ibiliko dira.
  • 13:00. Euskaraldiko Hamalaukoa aurkeztuko dute Herriko Plazan, eta ekitaldian parte hartuko du Harribilek ere.
  • 13:15-14:30. Triki poteoa herriko trikitilari eta panderojoleek girotuta, Herriko Plazatik abiatu eta kalez kale.
  • 14:30. Herri bazkaria, Herriko Plazan, Euskal Parrillaren eskutik. Bazkarirako txartelak Kutixi kafetegian daude salgai.
  • Bazkalondoan. Erromeria Elustondo anai-arreben eskutik. Herriko Plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide