Kraka sormen tailerra antolatu dute Aste Santurako

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 24a, 15:01

Nerea Urdangarin eta Zorione Mendez sortzaileak. (Onintza Lete Arrieta)

Zorione Mendez eta Nerea Urdangarin sortzaileen eskutik, apirilaren 23tik 26ra izango da tailerra Etxeluze gaztetxean, 6 urtetik gorako edonorentzat. Oriaren ingurumena arte praktikan jarri diote izena, eta bertako fauna eta flora ezagutzea izango da helburuetako bat. Zabalik dago izena emateko epea.

Oriaren ingurumena arte praktikan izeneko tailerra egiteko aukera egongo da Orion apirilaren 23tik 26ra (16:00etatik 18:30era), eta 6 urtetik gorako edonork parte hartu ahalko du bertan, baita familiek ere. Kraka sormen tailerren bitartez, Aste Santuan sormenari tokia egin nahi diote herrian. Badira zenbait aldaketa, ordea, Krakaren aurreko edizioarekin alderatuta: Herriko Plazan beharrean, Etxeluze gaztetxean ibiliko dira oraingoan; nerabeei zuzendutakoa izan beharrean, zabalagoa izango da hau; eta Zorione Mendez sortzaile oriotarrari, Nerea Urdangarin herrikidea batu zaio proiektura oraingoan.

"Helburua da Oria ibaiko fauna eta floraren ezagutza zabaltzea arte praktikaren bidez, eta formatu handian egingo ditugu elementuak". Azken egunean "instalazio artistiko dinamikoa" egitea da asmoa. "Adibidez, Martin polit txoria eta beste hainbat elementu kartoiarekin dimentsio handian egiten baditugu, atzean eusteko kirten batzuk jarrita, mugitu egingo garenez, hainbat konposizio sortzen joango gara beren artean". Hori bai, "tailer biziak direnez, ezin da emaitza zehatza aurreikusi, guk gauza batzuk planteatuta baditugun arren". Esaterako, argi dute lana Gaztetxetik herrirantz eraman nahi dutela, herritarrek ikus dezaten.

Bi artistaren lana

Horrez gain, azpimarratu dute tailerra ez dela soilik umeentzat. "Askotan arte plastikoak haurtzaroarekin lotzen dira, baina plan polita izan daiteke lagunartean edo familia giroan egiteko". Saio praktiko-teorikoak izango dira, eta garrantzia handia emango diote taldea eroso sentitzeari. Hala, talde dinamika saioarekin hasiko dute tailerra.

Artearekin eta arte praktikarekin errioko fauna eta flora ezagutarazi eta "galtzen ari den ezagutza baten transmisioan laguntzeaz gain", artista plastiko batzuen lana ere erakutsi nahi dute. Zehazki, Beatrix Potter eta Tarsila do Amaral artistez ariko dira hizketan. "Milaka artista daude, eta betikoetatik urrundu nahi izan dugu. Potter-en lana ezaguna da agian, baina bere figura eta bizitza ez, eta do Amaral, berriz, garaikidea da", azaldu dute.

Izen-ematea eta Ganbara

Izena emateko epea zabalik dago, eta informazio gehiago nahi duenak edo tailerrean parte hartu nahi duenak, ganbara.sormentailerra@gmail.com helbidera idatz dezake, edo mezua bidali edo deitu honako bi telefono zenbaki hauetara: 652 70 22 37 edo 660 33 85 87. Izena galdetegi hau beteta ere eman daiteke. Prezioei dagokienez, 50 euro balio du parte hartzeak. Ganbarako kideek eta familiek, berriz, 40 euro ordainduko dute partaideko.

Kraka izango da Mendezek eta Urdangarinek elkarrekin jarriko duten "aurreneko hazia", ondoren, irailetik aurrera, Ganbara egitasmoari "bigarren hauspoa" ematea delako helburua. Ikasturte osoan zehar herriko bi ikastetxeetako haur eta gaztetxoei zuzendutako eskulan eta sormen tailerrak dira; iazko ikasturtean hasi zuen bidea Mendezen eskutik, aurten bigarren ikasturtea egiten ari da, eta hirugarrenean, Urdangarinen aportazioa gehitu nahi dio Mendezek. "Gustatuko litzaidake egitasmoari buelta berria ematea, haize fresko pixka bat gehitzea, eta horretarako Nerearen lankidetza ederra izango da", azaldu du. Aurrera begira, artista gehiagoren kolaborazioarekin kontatu nahiko luke.

Horrez gain, Ganbarari espazio finkoa ematea dute helburu, gaur-gaurkoz ikasturte erdia Orioko Herri Ikastolako gela batean igarotzen dutelako, eta beste erdia, Zaragueta Herri Eskolaren gela batean, eta horrek hainbat muga eragiten dituelako.

Tailerra helduei zabaltzea izango da hurrengo pausoa, baita disziplina berriak gehitzea ere, batez ere nerabeei zuzenduta; ikus-entzunezkoak, serigrafia nahiz performanceak, esaterako. Gainera, saioak ingelesez jasotzeko aukera ere emango dutela nabarmendu dute bi sortzaileek.

Aldatuko ez dena da Ganbararen filosofia: emaitzari baino gehiago, ikasleen sormen prozesuari emango diotelako garrantzia aurrerantzean ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide