Orioko Udalak jakinarazi du gaurtik aurrera berriz erabilgarri dagoela hondartzako komun autogarbitzailea, ahateen parkearen ondoan dagoena, hain zuzen.
Azken hilabeteetan hainbat aldiz matxuratu izan da, haize kolpe bortitzek atea izorratzen zutelako. "Hondartza inguruan gogor jotzen du haizeak, eta hego-haize kolpeak atea tolestu zuten. Horren ondorioz, atea ez zen behar bezala ixten eta komuna garbitzeko zirkuitu automatikoa ez zen aktibatzen". Arazoa konpontzeko, ate berri bat diseinatu du enpresa hornitzaileak, eta gaurtik berriz ere erabilgarri dago.
20.000 erabiltzaile
Udalak 2023ko udan jarri zuen komun autogarbitzaile hori hondartzan, eta eman dituen datuen arabera, instalatu zenetik, ia 20.000 erabiltzaile izan ditu.