Aurreko ostiralean 23 urte bete ziren ETAk Juan Priede oriotarra tiroz hil zuenetik herriko taberna batean. PSE-EEko zinegotzia zen Priede eta 69 urte zituen hil zutenean.
Haren hilketa salatzeko eta hura omentzeko lore eskaintza egin diote gaur Orioko hilerrian. Bertan izan dira haren alderdikideak, senitartekoak eta baita bere bere seme-alabak, tartean Ana Priede Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza zuzendaria.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak ETAren hilketa "zitala eta koldarra" dela esan du. Ekitaldian Denis Itxaso eta Maria Jesus San Jose kontseilari sozialistak eta Gloria Vazquez Zarauzko PSE-EEko zinegotzia ere izan dira, besteak beste.
Lore eskaintza egin ondoren, hilerrian bertan egin ditu adierazpen batzuk Asensiok: "Batzuek gertatutakoa ahaz dezagun nahi dute, historiaren zati hori, hain zuzen ere. Irmo eutsi izan ez baliote egoera horri, ordea, nazionalistak bakarrik egongo ziratekeen udaletan, eta mehatxatzen, hiltzen eta beste norantzan begiratzen zutenak bakarrik egongo ziratekeen ordezkatuta".