Etxeluze gaztetxeak Garrock jaialdia antolatu du gaur gauerako, "berdintasunaren eta bakearen aldeko espazio bat", hain zuzen ere. "Azken urteotan faxismoaren ideiak indartzen ari direla eta, argi daukagu askatasunaren, aniztasunaren eta justiziaren alde altxatzea funtsezkoa dela", azaldu dute jaialdiko antolatzaileek. Hori horrela, aditzera eman dute ez dutela onartuko "gorroto eta bazterketa jarrera hauek" hazten jarraitzea.
22:00etan hasita, lau talde igoko dira oholtza gainera: Legatin eta Lee Kore talde oñatiarrak, No Limits bergaratarrak eta Pineapple Sweets gasteiztarrak.
Ekitaldirako sarrerek 10 euro balio dute, eta Gaztetxean bertan erosi ahalko dira.