Albiste faltsuei buruzko saioa antolatu du aldundiak Orioko nerabeentzat

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 23a, 08:00

Haur batzuk pantailei begira.

Treba Gazteak programaren barruan, albiste faltsuen aurrean begirada kritikoa garatzea izango da hitzaldiaren helburua. Apirilaren 7an eskainiko diete 12-16 urte arteko gazteei.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria departamentuak bi hitzaldi antolatu ditu Orion. Treba Gazteak programaren barruko saioak izango dira, aurrenekoa Begirada kritikoa: fake news izenekoa, eta bigarrena, Begirada kritikoa: oinarrizko ikastaroa izenekoa.

Fake news edo albiste faltsuei buruzko saioa apirilaren 7an izango da, astelehenarekin, Salatxo aretoan 17:30ean, 12-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Bitargiko Ainhoa Arruabarrenak eskainiko du hitzaldia, eta gutxienez hamar lagunek eman beharko dute izena saioa gauzatu dadin. Esteka honetan eman daiteke izena, baita informazio gehiago eskuratu ere.

Ikuspegi kritikoa garatzea helburu

Ikastaro horren helburu orokorra izango da albiste faltsuek gizartean eta erabaki pertsonal eta kolektiboetan duten eraginaz kontzientziatzea. Horrez gain, helburu hauek ere baditu saioak: egunero kontsumitzen dugun informazioa aztertu eta ebaluatzeko ikuspegi kritikoa garatzea; albiste faltsuak identifikatu eta haiei aurre egiteko hedabide eta plataforma desberdinetan dauden tresnak eta estrategiak ezagutzea; eta erantzukizun digitala sustatzea, sare sozialetan eta espazio digitaletan edukia sortu eta zabaltzerakoan.

Bigarren hitzaldia noiz izango den, oraingoz, ez dute zehaztu. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide