Verde Pratok kontzertua eskainiko du Kultur Etxean apirilaren 11n

Julene Sorarrain 2025ko mar. 17a, 16:30

Dolce vita italiarrari egin nahi izan dio erreferentzia musikari tolosarrak Bizitza eztia izeneko azken diskoan, eta abesti berriak aurkezteko, kontzertua eskainiko du datorren hilean Orioko Kultur Etxean. Sarrerak asteazken honetatik aurrera jarriko dituzte salgai turismo bulegoan.

Verde Prato musikariak Bizitza eztia izeneko lan berria kaleratu du, Donato Dozzy ekoizle italiarrarekin elkarlanean. Erroman (Italia) grabatu duen azken disko honetan dolce vita italiarrari egin nahi izan dio erreferentzia tolosarrak, eta kantak zuzenean aurkezteko, kontzertua emango du apirilaren 11n, ostiralarekin, Orioko Kultur Etxean.

Ahozko euskal tradizioa elektronikarekin eta poparekin uztartzen ditu Verde Pratok. Bizitza eztia hirugarren diskoa du, eta bertan gozotasuna, gozamena eta lasaitasuna kapsulatzen saiatu da. Donato Dozzyren ekoizpenarekin grabatutako albumak bi egoera emozional orekatzen ditu: bata, gozotasun eta lasaitasunekoa, eta bestea, gauekoagoa, sentsualagoa eta erradikalagoa.

Emanaldia 22:00etan hasiko da, eta udalak jakinarazi duenez, publikoak zutik entzun beharko du kontzertua. Sarrerak asteazken honetatik aurrera jarriko dituzte salgai turismo bulegoan, 10 euroan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide