Arrauneko hitzordu asko izan dituzte Orio Arraunketa Elkarteko gizon-emakumeek asteburuan, eta emaitza fin askoak lortuta etxeratu dira. Emaitza azpimarragarrienen artean, Orio Orialki gizonezkoen traineruak Astilleron (Espainia) eskuratutako San Jose Bandera. Proba konbinatua izan zen, zortzikoena eta traineruen, eta biak irabazi zituzten oriotarrek. Gainera, sprint modalitateko probetan ere parte hartu zuen taldeak, eta horietan ere garaipena eskuratu zuten.
Arraunergometroko Espainiako Txapelketa eta Open-a ere asteburuan izan da Zaragozan (Espainia), eta oriotarrek emaitza onak lortu badituzte ere, izen bat azpimarratu behar da besteen artean, gizonezko absolutuetan garaipena lortu baitu Koxme Burutaran OAEko kideak.
Emakumezkoen Orio Orialki, berriz, Hondarribiko Traineru Jaitsieran lehiatu zen, eta hirugarren egin zuen, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen atzetik.