Dagoeneko eman daiteke izena Orioko artisau eta sortzaile azokan

Julene Sorarrain 2025ko mar. 16a, 14:00

Duela hiru urteko Orioko artisau azoka. (utzitakoa)

Maiatzaren 11n, igandearekin, artisau azoka egingo dute Herriko Plazan eta Aritzaga kalean, 10:00etatik 14:30era bitartean. Beren produktuak azokan salgai jarri nahi dituzten artisauek izena eman beharko dute apirilaren 4a baino lehen.

Iaz bezala aurten ere artisau eta sortzaile azoka egingo dute Orion, eta Orioko Udalak dagoeneko argitaratu ditu parte hartzeko bete behar diren baldintzak.

Euskal Herri osoko artisauei zabaldu zaie deialdia, baina, azken urteetan bezala, herriko sortzaileengan jarri nahi izan du arreta udalak, "beren lanak erakusteko eta zabaltzeko aukera izan dezaten". Hori horrela, 25 postu baimenduko dituzte, espezialitate hauetan banatuta:

  • Ogia eta gozogintza: 2 postu.
  • Taloak: postu 1.
  • Eztia eta gazta: 2 postu.
  • Lore-apaindurak eta landareak: 2 postu.
  • Bitxigintza: 3 postu.
  • Zurgintza: 2 postu.
  • Zeramika edo buztina: 2 postu.
  • Xaboia eta ukenduak: 2 postu.
  • Larrua eta oihalgintza: 2 postu.
  • Bestelako eskulangintzak: 2 postu.
  • Orio-Aiako eskulangileak: 5 postu.

Azokaren aniztasuna bermatzeko, zozketa egingo da aurkeztutako eskaeren artean apirilaren 11n, 13:00etan, udalbatzarraren aretoan. Oinarriak hemen klikatua irakurri daitezke, eta izena emateko orri hau bete beharko da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide