Hitzorduz betetako larunbata izango du hau Orio Arraunketa Elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 14a, 12:00

Artxiboko irudian, Orioko klubeko arraunlari batzuk arraunergometroko proba bat egiten, Arraunetxen.

Espainiako Arraunergometroko Txapelketan, Hondarribiko Traineru Jaitsieran eta Astilleroko San Jose Banderan lehiatuko dira Orioko arraunlariak.

Hainbat hitzordu izango dituzte bihar, larunbata, Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariek, horietako bat Zaragozan (Espainia), han jokatuko baita Espainiako Arraunergometro Txapelketa. Estatuko 44 elkartek hartuko dute parte, eta Orioko klubeko zazpi arraunlari bertan ariko dira lehian: bi kadete neska, bi kadete mutil, jubenil mutil bat, absolutu mutil bat,  eta arraunketako egokituko mutil bat. Larunbatean eta igandean izango da txapelketa hori.

Bestetik, Hondarribiako Traineru Proba jokatuko dute Gipuzkoako herri horretan bihar, neguko test entrenamenduen barruan. Orio Orialkiko emakumeen trainerua lehiatuko da han.

Orio Orialkiko gizonezkoen traineruak ere badu hitzordua bihar, Astilleron (Espainia) San Jose Bandera egongo baita lehian. Proba konbinatua da, zortzikoena eta traineruena; alegia, bandera irabazteko, traineruaren eta zortzikoaren denboren batuketa egiten da. Hala, bietan parte hartuko dute oriotarrek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide