Gaur da Eskolarteko Orioko Ibilaldi Neurturako izena emateko azken eguna

Julene Sorarrain 2025ko mar. 13a, 08:01

Talai Mendikoak Gorbeian, (Talai Mendi elkartea)

6 eta 16 urte arteko gazteen artean mendizaletasuna sustatzea da helburua. Talde bakoitzak heldu baten laguntzarekin osatu beharko du mendi ibilbidea, eta Talai Mendi elkartea arduratu da Orioko jardunaldia prestatzeaz.

Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatuta, Eskolarteko Ibilaldi Neurtuen 37. edizioa martxan da. Helburua da 6 eta 16 urte arteko gazteen artean mendizaletasuna sustatzea, eta igande honetan egingo dute jardunaldia Gipuzkoako bost udalerritan: Añorgan, Bergaran, Errenterian, Ormaiztegin eta Orion. Talai Mendi elkartea arduratu da Orioko jardunaldia prestatzeaz, eta gaur da izena emateko azken eguna. Parte hartzeko Talai Mendi Elkartearen egoitzara jo daiteke (Iturbide 6, behea) baita 657 71 48 67 zenbakira deitu edota talaimendi@outlook.com helbidera idatzi ere.

Ikasleek bost laguneko taldeetan eman dezakete izena. Talde bakoitzak heldu baten laguntza izan beharko du, eta proposatutako mendi ibilbidea osatu beharko dute, hiru kontrol gunetatik pasata eta erritmo egokia mantenduta. Gipuzkoako Mendizale Federazioaren webgunean daude eskuragarri bost udalerrietako ibilbideak.

Orioko taldeak Zaragueta eskolatik aterako dira, 09:30-10:00ak aldera. Bi ibilbide izango dira: 5,5 kilometroko ibilbide motza eta 9 kilometroko ibilbide luzea. Kontrol guneei dagokienez, Longan (hasiera eta bukaera) eta Kukuarrin jarriko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide