Joan den igandean etxeko aurreneko jardunaldia jokatu zuen Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak Kanarietako Capitalinos taldearen kontra. Urrezko Ohorezko Mailako Sofbol Liga Nazionalean (LNSDHO) dihardu aurten ere, Espainiako gorengo mailan, alegia, eta ligako 2. jardunaldia izan zen –aurrenekoa Madrilen zuten, baina bertan behera gelditu zen eguraldi txarragatik–.
OBBk 6-1 irabazi zuen aurreneko partida, baina bigarrenean kanariarrak finago ibili ziren, eta 14-9 gailendu zitzaizkien oriotarrei.
Lehen partidan oriotarrak oso ongi hasi ziren lehen sarreran hiru puntu lortuz. Kanariarrak baseetara iristen saiatu ziren, baina Enora Simon jaurtitzaileak menderatu zituen. OBBek erasoko geldialdi une bat izan zuen, eta hurrengo sarreretan ez zuten punturik lortu, nahiz eta zenbait jokalari izan zituzten baseetan. Bosgarren sarreran berriro puntuak egitea lortu zuten oriotarrek, beste lasterketa batekin eta seigarrenean beste bi saskiraketekin partida erabakita utzi zuten. Capitalinosek puntu bat lortu zuen azken sarreran, eta OBBk 6-1 irabazi zuen partida.
Bigarren partida, berriz, guztiz ezberdina izan zen. Nahiz eta oriotarrek bi puntu lortuta hasi, horietako bat Maialen Pisonen home run bati esker, kanariarrak puntuak lortzen joan ziren hurrengo sarreretan, eta hirugarren sarreran aurretik joan ziren 8-2. OBBk laugarren sarreran erreakzionatu zuen, eta talde lan on baten ondoren, rally batekin bost puntu lortu zituen, aurkariengandik puntu bakarrera jarriz, baina hurrengo sarreretan kanariarrak pixkanaka puntuak lortzen joan ziren, eta markagailuan gora egin zuten.
OBBk Enora Simon jaurtitzailearen lana nabarmendu du: "13 bateatzaile kanporatu zituen strikeout bidez, eta Carla Novellaren bate lanean hiru hit konektatu eta hiru puntu bultzatu zituen".
Hurrengo partidak igandean jokatuko dituzte, berriz ere etxean, Mendibeltzen, Bartzelonako Viladecans taldearen kontra. 11:00etan izango da hitzordua.