Musika ikuspegi ezberdinak eskainiko ditu Azkuria elektronika topaketak larunbatean

Julene Sorarrain 2025ko mar. 12a, 10:30

Azkuria elektronika topaketako lehenengo edizioa, Etxeluzen. (Iker Gozategi)

Jatorri eta estilo anitzeko sei artista gonbidatu dituzte egitasmoaren bigarren ediziora. Larunbatean bilduko dira Etxeluzen, 19:00etan hasita, eta sarrerak gaztetxean bertan erosi ahalko dira. Gainera, autobus zerbitzua ere eskainiko dute Oriotik Zumaiara eta Donostiara, gau osoan zehar.

Antolatzaileen esperientziatik eta testuingurutik abiatuta, musika ikuspegi ezberdinetatik lantzen eta partekatzen duten sei artista gonbidatu dituzte Azkuria elektronika topaketako bigarren ediziora. Martxoaren 15ean, larunbatarekin, bilduko dira Etxeluze gaztetxean, 19:00etan hasita.

Azkuria egitasmoak "dinamismo bati" egiten dio erreferentzia, "inplikatzeko, murgiltzeko eta mugitzeko dugun behar etengabeari", hain zuzen ere. "Ezinbestean bizi gara kolektiboan gozatzeko irrikarekin, antolatuta mugitzeko beharrarekin. Horrek eragiten digu azkura", azaldu dute antolatzaileek.

Hori horrela, jatorri eta estilo anitzeko artistek girotuko dute gaztetxea larunbat honetan. Alai izango da festari hasiera emango dion lehen DJa. "Merengea, R&B eta reggaea jungle eta breakbeat erritmoekin uztartzen dituen Tolosako DJ, ekoizle eta artista elektronikoa da".

Jarraian, Xabi Dupoyren (Ü ezizenez ezaguna) txanda izango da entzuleak dantzan jartzeko. "Sintetizadoreen soinu azidoak, drum machine analogikoen erritmo biziak, euskal kantu batzuen sample-ak eta 1990. hamarkadako house musikaren influentziak nahasten dituen proiektua da".

Billy Zarautzetik dator, eta une berezietan besterik dabil diskoak jartzen azkenaldian. "Musika estilo bakar batera mugatzen ez delarik, edozein ingurunetara egokitzeko gaitasuna bereganatu du, soinu melodiko, ilun eta industrialak modu dotorean orekatuz".

maKedaren saioek dantza eta mugimendua kokatzen dituzte erdian. Erritmo afrikarren eragin handia dute, hala nola kuduroa, amapianoa edo afrobeat-a. Funkaren bass-a eta musika karioka ere nahasten ditu, bere sustraiei leial eutsiz.

Bilbotik zuzenean etorriko da Elena Barker, Mixthetika kolektiboko kidea. "Gehien bereizten dituena atmosfera psikodelikoak, nostalgikoak eta anbientalak dira, non ziur aski erritmo apurtuak, techno edo deep dub generoak agertuko diren".

Eta azkenik, Katzaren txanda izango da oholtza gainera igo eta festari merezitako amaiera emateko. Paraleloan taldearen sortzaileetako bat da Katza, eta hainbat urte daramatza musikaren munduan murgilduta. "Klubeko musikan, post-punkean, dub-ean edo DIY bitxikerietan oinarrituta, Katzak, batez ere, aukeratzen dituen soinuen berehalakotasuna, premia eta emozioa baloratzen ditu".

Sarrerak gaztetxean bertan erosi ahalko dira 12 euroan; afariarekin, berriz, 17 euroan salduko dituzte. Bestalde, autobus zerbitzua eskainiko dute Oriotik Zumaiara eta Donostiara, orduero, gau osoan zehar.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide