Korrikarako eguraldi paregabearekin jokatu da gaur eguerdian Zarautzen VI. Mahasti Krosa Talaimendiko mahastietan barrena, eta oriotarrek emaitza bikainak lortu dituzten han gizonezkoetan zein emakumezkoetan.
Partaideek zazpi kilometro malkartsuko ibilbidea bete dute, Talai Berri txakolindegitik abiatuta. Mollarriko kargalekura joan-etorria egin dute aurrena, eta gero, mahastietan barrena ibili dira gora eta behera.
Euria bota zuen atzo, baina ibilbidea lokatzik gabe topatu dute parte hartzaileek, eta eguraldia lagun, marka berria ere ezarri dute gizonezkoetan. Iaz bezala, Ibai Makazaga Orioko bizilagunak jantzi du txapela aurten ere, eta aise gailendu da: 29:50 denbora egin du. Marka 31:16 denboran zegoen eta, beraz, minutu eta erditik gorako aldea jarri du gaurkoan.
Emakumezkoetan ere erraz irabazi du lehia helmugara aurrena iritsi denak, Laiane Arrospide tolosarrak. 38:56 denbora egin du horrek, eta minutu pasako aldea atera dio bigarrenari, Irune Lertxundi oriotarrari (40:09). Podiuma Ioana Osa ondarrutarrak osatu du (41:33).
Emakumezkoetan bezala, gizonezkoetan ere beste oriotar bat izan da bigarren: Mikel Usandizaga. 31:08 denbora eginda, horrek ere lortu du gaur arte zegoen marka hobetzea, baina ez, ordea, Makazaga taldekideari irabaztea. Orioko Kamel Ziani Atletismo Taldekoak dira biak, izan ere. Asier Aburuza adunarrak egin du hirugarren gizonezkoetan, 32:24 denborarekin.
Sailkapena, osorik, herrikrosa.eus atarian dago ikusgai.
Irabazleek, pisua txakolinetan
Talai Berri txakolindegiak berrikuntza bat txertatu du aurtengo edizioan. Izan ere, orain arte, irabazleek beren pisua adina txakolin botila jasotzen zuten. Aurten, ordea, bi irabazleen pisuak batu dituzte, gizonezkoarena eta emakumezkoarena, gero erdibana egiteko. 113 kilo pisatu dituzte, eta beraz, bakoitzak 56 botila inguru eskuratu ditu.
Antolatzaileen esanetan, 60 boluntario aritu dira lanean lasterketa burutu ahal izateko, eta partaideen artean, 76 urteko gizonezko bat ere egon da. Proba amaitzea lortu du, gainera.