Hip-hop estiloan trebeetan trebeenak diren dantzariak bildu dira gaur Karela kiroldegian. Warda Mallal dantzari eta koreografo oriotarrak antolatuta, Gipuzkoa Dance Contest hip-hop lehiaketa jokatzen ari dira goizetik bertan, eta iluntzera arte luzatuko dute ekitaldia.
10:00 aldera zabaldu dituzte kiroldegiko ateak, baina dezente lehenago egin dira ilara luzeak atarian. Izan ere, Euskal Herriko nahiz atzerriko dantza taldeak ari dira parte hartzen lehiaketan, eta asko izan dira horiek ikustera eta animatzera joan nahi izan duten senideak eta lagunak.
Gipuzkoa Dance Contest dantza eta kultura urbanoa sustatzea helburu duen kultur ekitaldia da, eta 2012tik Gipuzkoako hainbat herritan antolatu du Mallalek. Aurtengo edizioan 750 dantzari inguru igoko dira oholtzara.