Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta bertso eskolek Gelatik plazara egitasmoa antolatu dute hirugarrenez, eta saioetako bat Orion egin zuten atzo arratsaldean. Hantxe parte hartu zuten etxekoek, hau da, Errikotxia bertso eskolako Eñaut Amenabarrek eta Haizea Gurrutxagak, Aizarnazabalgo, Zumaiako eta Zarauzko taldeen aurka aritzeko bertsotan. Hitzordua Kultur Etxean izan zen 17:30ean hasita, eta oholtzara LH4tik LH6ra bitarteko bertsolari gazteak igo ziren.
Bi-lau lagunez osatutako taldeetan aritu ziren, eta agurreko bertsoak umoretsuak eta politak izan ziren. Bat-bateko jardunaren ondoren, etxekoak nagusitu ziren, eta beraz, horiek eskuratu zuten txartela martxoaren 30ean Alegian jokatuko den finalerako.
Bestalde, DBHkoen lehian ariko da Malen Gurrutxaga Errikotxiako bertsolaria, taldea Zumaiako Maren Iruretagoiena eta Maia Senosiainekin osatuta. Horien finala Azpeitian izango da, apirilaren 4an.
Azkenik, 14tik 18 urtera bitartekoen finala ere Azpeitian izango da. Aurrez Aizarnazabalen izango dute kanporaketetako bat, eta han izango dira Orioko bi ordezkariak, maila horretan debuta eginez: Inhar Gastiain eta Beñat Priego, hain zuzen.
(Argazkiak: Errikotxia eta Onintza Lete Arrieta)