Hezkidetza Mahaiak eta neska gazte feministek antolatuta, Feministok elkarrekin borrokan lelopean atera dira herriko kaleetara gaur goizean Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleak, Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzera.
Bikamiotatik abiatu dira 11:00etan, eta Arrantza kaletik barrena igaro dira, "gora borroka feminista!" oihukatuz, Herriko Plazara iritsi arte. Bertan elkarretaratze handia egin dute ikastetxeetako maila guztietako ikasleek. DBHko neskek, pankarta eskuan, zenbait aldarrikapen irakurri dituzte udaletxe aurrean:
"Denok ez dugu berdin pentsatzen, eta gerta daiteke lagunartean pentsaera ezberdinak izatea. Zure lagunen iritzi ezberdina baduzu, oso ondo dago babestea, baino kontrakoa pentsatzen baduzu, onartua izan beharko zinateke. Bestela, zure laguntasuna birplanteatu. Ni baino altuago hitz egiteagatik arrazoi gehiago duzula uste duzu? Eta fisikoki altuagoa edo indartsuagoa izateagatik? Ezaugarri hauek ez zaituzte garrantzitsuagoa edo boteretsuagoa egiten. Gu ere, gure ahots eta txiki-handitasunetik, indartsuak gara. Zergatik naiz guarra bat ezetz esaten badizut? Denok eskubide berdina dugu aukeratzeko zenekin egon nahi dugun, eta zenekin ez. Norbaitek zure proposamenari uko egiten badio, ez ezazu ezezkoa gorroto edo erasoan bilakatu. Gaur, martxoaren 7an, kalera atera gara, bihar Emakumeen Nazioarteko Eguna delako. Kaleetan, parrandan eta kirol elkarteetan jasaten dugun faxismoaren aurka borroka egiteko. Gazte feministok antolatuta gaude, gure ikastetxeetan eta herrian feminismoa hedatzeko. Zuen onarpenik gabe, oso lasai gaude. Antifaxismoa feminista izango da, edo ez da izango".
Bestalde, Orioko mugimendu feministak manifestazioa antolatu du bihar, Martxoak 8, 12:00etan Herriko Plazatik abiatuta eta, jarraian, 14:00etan, bazkari autogestionatua egingo dute plazan (euria ari badu, Saregilen izango da).