Helduentzako arraun ikastaroa antolatu dute martxoaren 10etik 19ra

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 5a, 15:00

Arraunetxeko pantalanak.

Sei saio izango dira guztira, 17:00etan hasita. Oria Bizik antolatu du, eta ordainpekoa izango da. Bestetik, igande honetarako ate irekien jardunaldia ere antolatu du elkarteak.

Oria Bizi aisialdiko arraun elkarteak ikastaroa antolatu du helduek arraunean ikas dezaten. Martxoaren 10etik 19ra izango dira saioak Arraunetxen, denera sei, 17:00etan hasita. Saio bakoitza ordu eta erdikoa izango da, eta tituludun entrenatzaile batek gidatuko ditu. Partaideak bi arraunetara ibiliko dira ontzi desberdinetan, itsasoko yoletan.

Aurreneko saioan teoria azalduko dute, eta ergometroan eta fosoan ibiliko dira.

Parte hartu nahi duenak 60 euro ordaindu beharko ditu, eta izena online eman beharko du, esteka honetan.

Igande honetan, ate irekiak

Bestetik, Oria Bizik ate irekien jardunaldiak antolatu ditu. Otsailaren 28an egin zuen aurrena, eta igande honetan, martxoaren 9an, egingo du bigarren eta azkena. Elkarteak beren jarduera ezagutarazi nahi die herritarrei, eta azaldu dute nahi duenak arraun egiteko aukera ere edukiko duela.

Igandean 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan egingo dituzte ate irekiak, eta parte hartu nahi duenak aurrez zehaztu beharko du ordua honako galdetegia betez. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide