'Gelatik plazara' egitasmoaren barruko bertso saioa eskainiko dute gaur Kultur Etxean

Julene Sorarrain 2025ko mar. 6a, 08:00

Iazko 'Gelatik plazara' bertso saioko partehartzaileak. (Guka)

Aizarnazabalgo, Zumaiako, Zarauzko eta Orioko eskoletako ikasleek hartuko dute parte. Orioko Errikotxia elkartearen ordezkariak Eñaut Amenabar eta Haizea Gurrutxaga izango dira. Saioan puntu gehien biltzen dituen taldea martxoaren 30ean Lazkaon izango den Bertso Eskolen Eguneko finalera sailkatuko da.

Errikotxia bertso eskolako ikasleek hainbat egitasmo eta txapelketa izango dituzte martxoan. Gaur, osteguna, esaterako, Gelatik plazara ekimeneko bertso saioa egingo dute Kultur Etxean, 17:30ean hasita. LH4tik LH6ra bitarteko Aizarnazabalgo, Zumaiako, Zarauzko eta Orioko bertso eskoletako ikasleak arituko dira kantuan, hain zuzen ere.

Saio horretan Eñaut Amenabar eta Haizea Gurrutxaga izango dira Errikotxiaren ordezkariak. Gainera, puntu gehien biltzen dituen taldea martxoaren 30ean Lazkaon izango den Bertso Eskolen Eguneko finalera sailkatuko da. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatu du hirugarrenez Gelatik plazara egitasmoa.

Bestalde, LHkoen saioaren jarraian otordu txiki bat egingo dute Balea elkartean, DBHko ikasleek beste saio bat eskaintzen duten bitartean. Hauen saioa, ordea, entrenamendu bat izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Lazkaoko jardunaldia kanporaketa izango da DBHko ikasleentzat, eta finala, berriz, Azpeitian izango dute apirilaren 4ean. Errikotxiatik Malen Gurrutxaga igoko da oholtzara, Maren Iruretagoiena eta Maia Senosiain zumaiarrekin taldea osatuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide