Igor Arroyoren zuzendaritzapean, Salatxo abesbatzak kontzertua emango du igande honetan elizako zimitorioan, 13:30ean. 40 minutu inguru iraungo du, eta berezia izango da, aurreneko partean Benito Lertxundiren zenbait abesti eskainiko dituelako koruak, eta bigarrenean, berriz, Martxoaren 8ari keinu eginez, hainbat emakumeren obrak interpretatuko dituelako. Besteak beste, Juncal Guerrero, Idoia Azurmendi zena –Salatxo abesbatzako zuzendari izandakoa–, Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Kalejaren abestiak kantatuko dituzte, baita Norvegiako abesti bat ere, hango emakumeek arrantzaleei abesten zietena.
Musika instrumenturik ere ez da faltako saioan: izan ere, abesti batzuetan gitarrarekin ariko da Javier Gaiton, akordeoiarekin Nerea Ostolaza, eta txistuarekin, berriz, Garbiñe Muguruza.
Bazen pare bat urte Salatxok kontzerturik ez zuena eskaintzen herrian –urteroko ohiko hitzorduez kanpo–, eta kontzertua martxoaren 9an egitea adostu zutenean, ohartu ziren bezpera Emakumeen Nazioarteko Eguna zela, eta horrekin lotu zezaketela emanaldiaren zati bat.
Beste zatian, aurrenekoan, Benito Lertxundirekin akordatu nahi izan dute, herrikoa delako eta musikagintzatik erretiroa hartu duela aitzakia hartuta.
Gaur egun hogeita hamar kide ditu Salatxok, eta gogorarazi dute koruak ateak zabalik dituela parte hartu nahi duen ororentzat. Entseguak Kosta Tailerrean egiten dituzte, astelehenetan 21:00etatik 22:30era eta ostegunetan 20:00etatik 21:30era.