"Berdintasunaren eta bakearen aldeko" rock jaialdia antolatu du Etxeluzek

Julene Sorarrain 2025ko mar. 4a, 09:00

Etxeluze gaztetxea.

Garrock izena jarri diote ekitaldiari eta martxoaren 22an, larunbatarekin, ospatuko dute gaztetxean. Letagin, Lee Kore, No Limits eta Pineapple Sweets musikariak igoko dira oholtza gainera.

Orioko Etxeluze gaztetxeak Garrock jaialdia antolatu du, "berdintasunaren eta bakearen aldeko espazio bat", hain zuzen ere. "Azken urteotan faxismoaren ideiak indartzen ari direla eta, argi daukagu askatasunaren, aniztasunaren eta justiziaren alde altxatzea funtsezkoa dela", azaldu dute jaialdiko antolatzaileek. Hori horrela, aditzera eman dute ez dutela onartuko "gorroto eta bazterketa jarrera hauek" hazten jarraitzea.

Jaialdia hilaren 22an, larunbatarekin, ospatuko dute gaztetxean, 22:00etan hasita. Guztira lau talde igoko dira oholtza gainera, hala nola Legatin eta Lee Kore talde oñatiarrak, No Limits bergaratarrak eta Pineapple Sweets gasteiztarrak. Ekitaldirako sarrerek 10 euro balio dute, eta gaztetxean bertan erosi ahalko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide