Orioko Udalak herriko kirol eskaintzaren azterketa egin du azken urteotan, herriko kirol baliabideen eta elkarteen egoera ezagutzeko helburuarekin. Hori horrela, bi diagnostiko aurkeztu dituzte, hala nola Txekalde ingeniari bulegoak egindako kirol azpiegituren azterketa eta Kirol Management SL enpresak egindako kirol eskaintzaren diagnosia. Bi azterketa horietan jasotako ondorioak ikusita, antzemandako ahulguneei erantzuteko neurriak hartu ditu udalak.
Duela bi urte berraktibatu zuen udalak Kirol Mahaia. Egindako diagnosiak aurkeztu zitzaizkien kirol elkarteetako ordezkariei, ikastetxeetako eskola kiroleko koordinatzaileei eta udaleko zinegotziei. Saio hartan, gainera, udalak xehetasunak eman zizkien eragileei lantzen ari zen proiektuari buruz, eta haiek ekarpenak egin ahal izan zituzten. Ordutik, herriko kirol eskaintza berritzeko eta kudeaketa errazteko plana lantzen aritu da udala, eta dagoeneko eman ditu lehenengo urratsak:
- Kiroldegiaren kudeaketaren eta eskaintzaren lizitazioa
Iazko azaroko udalbatzarrean aho batez onartu zituzten kiroldegiko zerbitzuak adjudikatzeko lizitazio berriaren pleguak. Bost enpresak aurkeztu zituzten proposamenak, eta epaimahaia horiek ebazteko prozesuan ari da. Lizitazio berriarekin, udalak orain arte baino erabaki-ahalmen gehiago izango du eta kiroldegiaren eskaintza zabalagoa izango da. Urteko aurrekontua 930.000 eurokoa da.
- Haize Berri taberna zegoen lekuan gimnasio berria egokitzeko lanak
Tabernaren eremua gimnasio bilakatzeko egokitzapen lanak martxan daude dagoeneko, eta 30.000 euro inguruko inbertsioa aurreikusi du udalak, besteak beste tabernako elementuak kentzeko, lurra eta instalazioak egokitzeko eta sarbideko kontrola instalatzeko.
- Kiroldegian izango diren bi gimnasioetako makineria erabat berritzeko eta Mendibeltz futbol zelaiko hornikuntza eguneratzeko lizitazio
Kiroldegiko gimnasioak eta Mendibeltz futbol zelaia hornitzeko materiala errentan hartzeko lizitazioaren pleguak onartu zituen aurreko ostegunean udalbatzarrak, 268.450,90 euroko aurrekontuarekin. Leasing sistema erabiliko dute lizitazioan, hau da, udalak hilero ordainduko du makineriaren alokairua eta, bost urte igaro ondoren, materiala jabetzan hartzeko aukera izango du. Makina horien mantenua lizitazio deialdia irabazten duen enpresaren ardura izango da.
Gainera, udalak bi deialdiak udaberrian ebatziko direla aurreikusi du, eta orduan jarriko dute martxan herriko kirol ereduaren eraldaketa.