Orioko Traineru Jaitsieran erakutsitako maila berretsi zuten atzo Castroko Jaitsieran Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen A eta B ontziek. Hirugarren eta hamargarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, eta soilik bost segundoko aldearekin helmugaratu ziren, gainera, aurreneko hiru traineruak: Bermeo (23:51,78), Zierbena A (23:56,45) eta Orio A (23:56,97). Bigarren postua ere esku-eskura izan zuten oriotarrek Castro Urdialesko (Espainia) uretan.
Orio B-k 25:13,26 denboran burutu zituen lanak, eta sailkapenean erdialdetik gora gelditu zen, 22 ontzi aritu baitziren lehian.
Atzoko egunak utzi zuen beste albiste pozgarririk ere oriotarrentzat, A traineruan patroi lanetan debutatu baitzuen Oihan Manterola Baxarri gazteak, 17 urterekin. Erlojuaren kontra ia 24 minutuz aritu ziren lanean, erdia baino gehiago itsasoan, eta beraz, erronka ez zen makala gaztearentzat. Emaitza, berriz, bikaina izan zen.