Astelehenean N-634 errepidea itxiko dute Orio eta Usurbil artean

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 1a, 08:03

Orio eta Usurbil arteko errepidea.

Zuhaitzak inausi eta moztu behar ditu aldundiak, eta ostiralera arte eragina izango du zirkulazioan. Soilik bertako bizilagunentzat eta garraio publikoarentzat egongo da erabilgarri errepidea egunaren zati handi batean, eta Lurraldebusek jakinarazi du atzerapenak egon daitezkeela bere zerbitzuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zuhaitzak inausi eta moztuko ditu astelehenetik aurrera N-634 errepide bazterrean, Aginaga eta Txankako biribilgunearen artean. Lanek bost egun iraungo dute, eta errepideko galtzada erabat moztuko dute 09:00etatik 17:00etara.

Tarte horretan, soilik bertako bizilagunek eta garraio publikoak erabili ahal izango dute errepidea. Hori bai, Lurraldebusek jakinarazi du atzerapenak edo aldaketak egon daitezkeela UK09 Zumaia-Donostia linean.

Gainerako ibilgailuek, autobidea erabili beharko dute Donostia aldera joan ahal izateko. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide