Bertsoz betetako martxoa dator Errikotxia eskolako ikasleentzat

Julene Sorarrain 2025ko ots. 28a, 09:41

Errikotxiako ikasleak.

Martxoaren 6an, ostegunarekin, Orioko Kultur Etxean Gelatik Plazara ekimeneko bertso-saioa egingo dute, LH4tik LH6ra bitarteko bertsolari gazteek. Aizarnazabalgo, Zumaiako, Zarauzko eta Orioko ikasleak ariko dira kantuan.

Errikotxia bertso eskolako ikasleek hainbat ekimen eta txapelketa ospatuko dituzte datorren hilean.

Ostegunean bertan, martxoaren 6an, Kultur Etxean Gelatik Plazara ekimeneko bertso-saioa egingo dute, eskualdeko LH4tik LH6ra bitarteko bertsolari gazteek. Aizarnazabalgo, Zumaiako, Zarauzko eta Orioko Errikotxia bertso eskolako ikasleak arituko dira kantuan.

Saio horretan Eñaut Amenabar eta Haizea Gurrutxaga izango dira Errikotxiaren ordezkariak. Gainera, puntu gehien biltzen dituen taldea martxoaren 30ean Lazkaon izango den Bertso Eskolen Eguneko finalera sailkatuko da.

Bestalde, LHkoen saioaren jarraian otordu txiki bat egingo dute Balea elkartean, DBHko ikasleek beste saio bat eskaintzen duten bitartean. Hauen saioa, ordea, entrenamendu bat izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Lazkaoko jardunaldia kanporaketa izango da DBHko ikasleentzat, eta finala, berriz, Azpeitian izango dute apirilaren 4ean. Errikotxiatik Malen Gurrutxaga igoko da oholtzara, Zumaiako Maren Iruretagoiena eta Maia Senosianekin taldea osatuz.

Hori horrela, 14tik 18ra bitartekoen finala ere Azpeitian izango da. Aurrez Aizarnazabalen izango dute kanporaketetako bat, eta han izango dira Orioko bi ordezkariak, Inhar Gastiain eta Beñat Priego, maila honetan debutatzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide