Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatuta, Eskolarteko Ibilaldi Neurtuen 37. edizioa egingo dute datorren hilean. Egitasmoaren helburua da 6 eta 16 urte arteko gazteen artean mendizaletasuna sustatzea. Hori horrela, martxoaren 16an egingo dute jardunaldia, igandearekin, Gipuzkoako bost udalerritan, hala nola, Añorgan, Bergaran, Errenterian, Ormaiztegin eta Orion. Talai Mendi elkartea arduratu da Orioko jardunaldia prestatzeaz, eta izen-ematea dagoeneko zabalik dago.
Ikasleek bost laguneko taldeetan eman dezakete izena.Talde bakoitzak heldu baten laguntza izan beharko du, eta proposatutako mendi ibilbidea osatu beharko dute, hiru kontrol gunetatik pasata eta erritmo egokia mantenduta. Gipuzkoako Mendizale Federazioaren webgunean daude eskuragarri bost udalerrietako ibilbideak.
Orioko taldeak Zaragueta eskolatik aterako dira, 09:30-10:00ak aldera. Bi ibilbide izango dira: 5,5 kilometroko ibilbide motza eta 9 kilometroko ibilbide luzea. Kontrol guneei dagokienez, Longan (hasiera eta bukaera) eta Kukuarrin jarriko dira.
Izen-ematea martxoaren 13ra arte egongo da zabalik, eta horretarako Talai Mendi Elkartearen egoitzara jo daiteke (Iturbide 6, behea) baita 657 71 48 67 zenbakira deitu edota talaimendi@outlook.com helbidera idatzi ere.